
Miñan: Migrazioaren eta sorkuntzaren istorioa
Londoneko Euskal Etxetik atsegin handiz gonbidatzen zaitugu heldu den maiatzaren 21an izango den Miñan liburuaren lagun arteko solasaldira.
Ibrahima Balderen istorioa kontatzen duen Miñan liburua oinarri hartuta, istorio honen sorkuntza prosezuaz eta sorkuntza lenguaiez hitz egingo digute, bertan parte hartu duten protagonistek.
Miñan liburua Ibrahima Balderen ahozko kontakizunetik abiatu zen. Amets Arzallusek liburu bilakatu, eta Timberlake Wertenbakerrek ingelesera itzuli eta antzerkira moldatu du.
Haiekin guztiekin istorio honek egindako bideaz hitz egingo dugu:
Miñan istorio pertsonala eta kolektiboa, ahozkoa eta transkribitua, itzulia, oholtzaratua… esan bezala, datorren maiatzaren 21an, ez galdu aukera!
Ibrahima Balde
Ibrahima Balde Gineako Errepublikako migratzailea da, eta Saharako basamortua Afrika iparraldera zeharkatu zuen anaia txikiaren bila. Paperik gabe Europar Batasunean sartu ostean, Euskal Herrirako bidea hartu zuen, eta Irungo etxerik gabeko aterpe batean bizi zela, Amets Arzallus ezagutu zuen. Ibrahimak asiloa eskuratu eta orain Madrilen (Espainia) bizi da.
Amets Arzallus Antia
Amets Arzallus Antia, Hendaian jaioa, euskal errefuxiatuen semea, idazle eta bertsolari ezaguna. 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapeldun izan zen. Euskal Herrian migratzaileei laguntzeko erakunde batekin lan egiten du.
Timberlake Wertenbaker
Timberlake Wertenbaker Erresuma Batuan bizi den antzerkigile, gidoilari eta itzultzailea da, eta Royal Court, Royal Shakespeare Company eta beste hainbatentzat antzezlanak idatzi ditu. The Washington Post egunkarian “1980ko eta 1990eko hamarkadetako antzerki politikoaren doyenne” gisa deskribatu izan dute. Wertenbaker New York (AEB) hirian jaio zen Charles Wertenbaker kazetariaren eta Lael Wertenbaker idazlearen alaba da. Haurtzaroaren zati handi bat Ziburun igaro zuen.
Ordu beteko solasaldia Ane Roteta kazetariak dinamizaturik. Ondoren lagunartean hizketan jarraitzeko aukera.